XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Afrikan urtebete inguru daramala kontutan harturik ez zaizkio luze igaro azken bi hilabete hauek, Permisu honen esperantzan babestu haizelako esaten dio orain bere buruari.

Eta ez balira agertuko? Ez daki zer eginen lukeen orduan.

Ez du nahi hortaz pentsatzen hasi.

Eta besteak, zeharo ahaztuta, Plaza de España edo leku horretan baleude oraintxe bertan nere zai?

Orain pittin bat beldurraren ukidura, zirrara nabaritzen zaio aurpegian eta badaezpada ere bertan kieto jarraitzea, esperoan, dagoen bezala, erabakitzen du, adiskideak berehalaxe ailegatuko zaizkiolakoan, gainera ez bait dio seguru irizten hiriaren erdiraino joateari.

Une horretan bertantxe Martin Joxe Plaza de Españako eserleku batetan dago jezarrita egunkaria eskutan daukala.

Sartu berria du poltsikora Juaninaxiok bidali zion azken gutuna non esaten bait zion bilerak bere hortan jarraitzen duela baina urtebukaeran egin beharrean Gabon egunez elkar ikusiko dutela.

Behin eta berriro irakurri du Martin Joxek gutun hori, eta Tetuanera iritsi bezain pronto Plaza de España horren galdezka hasi zaio bati eta besteri lehen bait lehen iristeko.

Orain lasai dago eserita besteen esperoan, eserita, egunkaria irakurtzen, dabilen jendeari so egiten, denborak aurrera jo dezan itxaroten.

Berak ez daki tren geltokian Eusebio daukala zai, honek hura Plaza de Españan bere esperoan dagoela ez dakien bezalaxe.

Biek poltsikoan daramatzaten gutunek ez dute gauza bera esaten gainera, baina hau ere beraiek ezin jakin, ezin jakin batak bestearena.

Orain lasai dago Martin Joxe plazan eserita, egunkaria irakurtzen.

Larriago ibilia da bezperan trena hiru eta lau aldiz gelditu zenean, Monte Arruit-era iritsi baino zertxobait lehentxeago ordu t'erdi egon zirenean ez aurrera eta ez atzera, inork zergatik segur ez zekiela, (...).